XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haurtzaroko lagun gisa geure burua aurkeztuz, nagusi garen aldetikako geure logikabidea uzten dugu alde batera, eta bete-betean sartzen haurraren sortzapenaren jokoan, liluramena azkartzeko eta laguntzeko hain zuzen; lilurarik gabe olerki girorik ez bait dago.

Biziak duen berezkoena jasoz, haurrak harreman xuxenagotan paratzen da kosmoari buruz, eta guk geuk ere begi berriez mundua ikusten saiatzen.

Olerkiak ematen digun askatasun-mezuari fidaturik, geure haurren bilaketari beti harrera onez eta begitarte atseginez erantzuten saiatuko gara.

Olerki-erritmoen iturburua den oparotasun horri eusten ahaleginduko gara, idorokundeak, esperentziak, saiaketak, zauskadak eta abar, denen artean paratuz eta partekatuz; eta honen bidez ideia bat finkatuko dugu haurrengan: bizi diren eta sortzen ari diren segurantzi-ustea.

Aisa uler dezakegu, horretara, olerkariari eta artistari bezala, haurrari ere olerki-lanak ez zaizkiola, Rilke-ren hitzez esateko, sendimendu huts, saiakuntza, esperentzi eta bizi-gun baizik.

Saiakuntzak, eskuaren menturak ekaiari itxura aldatzen diotelarik, beraren gainaldean barrena ibilki; saiakuntzak ere hitzekin eta esaldiekin, era berean, izpirituaren taxumen eta adimen saiakuntza eta mentura gertatzen delarik.

Ze olerkigintza hau ez da joko huts eta eragabe, baina langintza oso eta benetako: haurraren ahalmen guztiek, sentsorialek, mogitzaileek edo irudimenezkoek ez-ezik, adimen eta sendimen ahalmenek, izpirituak eta bihotzak ere parte hartzen bait dute.